Proiektua

Hurrengo testuak softwarelibreanahidugu.eus plataformaren helburuak azaltzen ditu:

Sarrera

Irailaren 25ean Euskal Autonomia Erkidegoan burutu behar diren hauteskunde autonomikoak ikusgai, softwarelibreanahidugu.eus plataformako kideek lehendakaritzarako hautagai diren guztien jarrera ikusi nahi izan dugu.

Horretarako bi ekintza jarri ditugu martxan:

  1. Software librearen aldeko sinadura bilketa.
  2. Lehendakarigaiei software librearen inguruan izango duten jarrera modu zuzenean galdetu.

Lehengoko puntuari erantzuna emateko sinadura bilketa bat jasoko duen webgune hau sortu da. Bigarren atalari dagokionez hauteskunde hauetara aurkezten diren alderdi politiko guztiei lau galderaz osatutako korreoa bidaliko zaie. Jasotzen ditugun erantzunekin alderdi bakoitzak software librearen inguruan duen jarrera batzen duen dokumentu bat maketatuko dugu (2009. urtean egin genuen modu berdintsuan).

Posta elektronikoa

Lehendakaritzarako hautagai agurgarria:

Azken urteotan Euskal Herrian software librearen aldeko sinadura bilketa (softwarelibreanahidugu.eus) burutu duen pertsona talde bat gara. Irailaren 25eko hauteskundeetarako zure alderdiaren izenean lehendakaritzarako hautagaia zaren heinean, gai honen inguruan duzun iritziak jakin-mina sortzen digu.

2009. urtean burututako sinadura bilketak arrakasta nabarmena izan zuen (1.500 euskaldun inguruk eta mota guztietako 80 taldek sinatu zuten: hezkuntza zentroak, elkarteak, enpresak, etabarrek). Euskaldunentzat Software Libreak duen goranzko giza bermea kontuan izanik, bost galdera hauek lehendakaritzarako hautagai guztiei baldintza berdinetan egitea aproposa iruditu zaigu, guztion ikuspuntua bildu eta sarean zehar hedatzeko xedez, bide batez hauteskunde-kanpaina Interneten zabalduz.

  1. Egun bizi dugun krisi ekonomikoaren egoeran, Software Librea potentzian merkeagoa dela (lizentziak doakoak dira) eta lekuan-lekuko lana bermatzen duela jakinda, Eusko Jaurlaritzak honen erabilera giza-esparru guztietan sustatzeko esfortzua egin beharko lukeela uste duzu? Eta ados al zaude erabilera hori sustatzeko biderik onena, gure inguruko geroz eta erakunde gehiagok egiten ari diren bezala, euskal administrazio ezberdinetan Software Librearen erabilera ohikoa bihurtzea delako iritziarekin?
  2. Lehendakaritzarako hautagai gisa, eta tresna libre eta baliokideak (LibreOffice, Firefox, etab.) badaudela kontuan izanik, zentzuzkoa deritzozu euskal gazteak hezteko software pribatiboetara (Microsoft Office, Internet Explorer, etab.) horrenbeste baliabide ekonomiko ez zuzentzearen alde lan egiteari? Laburki zergatia azal zenezake?
  3. Ez duzu uste e-administrazioetarako sarrera euskaldun guztientzat baldintza berdinetan behar litzatekeela izan? Hortaz, zein da zuen egitasmoa estandarrak betetzen ez dituzten eta, ondorioz, erabiltzaile bakoitzarentzat diru kopuru jakina balio duen enpresa zehatz baten softwarea erabiliz baino bisitatu ezin daitekeen webguneekin?
  4. Hauteskunde autonomikoetan lehendakari hautatua izanez gero, Software Librea eta formatu irekien erabilera gizartean sustatzeko eta euskal administrazio publikoetan estandar bihurtzeko zein hobekuntza zehatzekin hartuko zenuke konpromisoa?
  5. Eskutitzaren hasieran aipatutako administrazio publikoetan Software Librea erabiltzeko manifestua sinatu duzu? Zergatik?

Milaka euskaldunek irakurriko dituzten galderen erantzunak idazten denbora eman izana oso-osoan eskertzen dizugu. Ahal den heinean, zure erantzunak irailaren 15a baino lehen info@softwarelibreanahidugu.eus helbidera helaraztea zeharo eskertuko genizuke, orduan Internet bidez, giza-sareetan eta komunikabideetan barreiatzeko txostena lantzeko asmoa baitugu.

Mila esker eskainitako laguntzagatik eta heltzear dauden hauteskundeetan zuk eta zure alderdiak aurrezarritako helburuak erdiestea opa dizugu.

Agur bero bat.